XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Belaunaldia - Lehena - Bigarrena - Hirugarrena - Laugarrena - Urteak - Argitaratzailea

Lehen bi aldiek frankismoaldia osatzen dute. Hor sortu ziren argitaratzaileetatik gutxi gelditzen dira bizirik: Auspoa, Auñamendi, Txertoa, Luis Haranburu, Kriselu, Gero, ezagunenen artean. Gehien-gehienak aspalditxo hil ziren: Ekin, Kuliska Sorta, Aintzina, Cinsa, Gordailu, Irakur Sail, Lur, Goiztiri, Ediciones Vascas, Iker, Leopoldo Zugaza, etab., eta ez horren aspaldi Etor.

Hurrengo bi belaunaldiekin hasten da edizio modernoaren historia. Abiapuntua honela seinalatu nuen Euskal Idazleak, Gaur liburuan: Orain bizpahiru urte, 1974 inguruan, hasitako bide berria esanguratsua da: politizazioa ez da hain nabarmena liburuetan, epelduz bezala doa, eta editorialeen arteko aspaldiko burrukak isiltzera bide doaz. Honekin batean saio liburua krisitan sartzen da. Argitaletxeek kultur politika hori oinarriagotik hasi nahi dute, behar den lekutik, alegia, kulturaren eta hizkuntzaren moldaketan. Ikastola liburutara, irakurgaitara, hiztegi eta oinarrizko liburutara jotzen da gogotsuago gaur.

Batabestearen ondoren etorri ziren gero beste hainbat, eremu berezituak lantzera batzuk eta joera orohartzailearekin beste batzuk. Katea ez da eten zeren eta orain bertan ere sortuz baitoaz.

1976 ondoren editorialgintzan bete-betean ikusten ditugun batzuk aurreko urtealdian dituzte zainak. Hori da, adibidez, bi nagusien kasua. Erein da bat eta Elkar bestea.

Erein marka 1976an agertzen da lehen aldiz, baina Ereineko lagunak Etor-en zebiltzan 1970etik 1972ko krisi bitartean eta geroztik Mensajeroren Gero-n.

Elkar argitaletxea ere sortu 1972an sortu zen Iparraldean, baina oraingo lanean hasi 1977an hasten da Hegoaldean, eta bereziki Jose Mari Sors-ek zuzendaritza hartzen duenean.

Hirugarren belaunaldi honetatik zutik gelditzen diren ezagunenak, aipaturiko Elkar eta Erein-ez gain, Labayru, Pamiela, Susa eta Sendoa dira. Hildakoen kapituluan ez dago izen askorik; Hordago eta La Primitiva Casa Baroja ezagunenen artean.